2007/03/08

Emakumea naiz?

Senarra haserratzen denean (nirekin esan nahi dut) gizon moduan portatzen naizela leporatzen dit, hau da, ez naizela oso "emakume". Gaur, martxoak 8, emakumeak eta gizonak bereizten gaituzten topikoez gauza asko entzun ditudala, nire buruaz hausnartu eta ondorio batzuk atera ditut nire emakumetasunaren inguruan.

Pasa den astean entzun nuen emakumeok ez ditugula matematikak gustuko: puntu bat gutxiago niretzat, gaztetan horixe zen nire ikasgai faboritoa. Emakumeok letrazko karrerak aukeratzen ditugu; egia da, kazetaritza egin nuen guztiek ingenieritza bat egin behar nuela esaten zidaten arren (nola marrazten dudan ez zekitelaren seinale...).

Gidatzen dudanean oso "zuhurra" naiz, beharbada beldurtia ere bai; ez dakit errobera aldatzen eta "katua" non dagoen ere ez. Stop guztiak errespetatzen ditut eta interbitenteak erabiltzen ditut errotondoetan. Emakumea, dudarik gabe.

Etxean desordenatua naiz ez naiz sukaldera hurbiltzen eta badira hilabeteak lisatzen ez dudala. Neskame edo mutilmerik ez dudala kontuan hartuta... Etxetik atera naiteke oheak egin gabe dauden arren eta harrikoa egun batetik uzteko gai naiz senarrak egin ez badu. Gizona ote?

Intendentziaz ni arduratzen naiz. Nik jasaten ditut hilarak (kutxetan bereziki). Ikastolaren ardura nirea da eta nik daramatzat semeak leku guztietara. Inoiz ezin badut, mesede berezia balitz bezala eskatu behar diot senarrari... Horiek emakumeen ardurak dira, ondo betetzen ditudanak...

Eskerrak. Gizonezkoa naizela hasia nintzen. Semeak haurtzaindegira eraman ditut, ez dut lan-egunaren murrizketarik eskatu txikiak zirela, lotara noa gauez ateratzen direnean (eta lo seko geratzen naiz), bi egunetara etxetik joan naiteke zer egiten ari diren pentsatu gabe, etxeko zaharrak zaharren egoitzetan primeran daudela uste dut eta ez dut uste seme-alabak etxetik joan behar izatea katastrofea denik, ezta menopausia ere, gauza berriak egiteko aukerak baizik...

Ondorioa. Emakumea banaiz, eta emakume xume eta normala... horrek esan nahi du emakumeari "atxekitzen" zaizkion ezaugarriak direla gaizki daudenak...

Eta gizonari supuestotzat ematen zaizkionak ere bai: senarrak ez du inoiz sukaldea zikintzen...

2007/03/03

Sareinak

Semeak etxetik kanpo daude, lagunekin. Bakarrik geratu naiz. Larunbat arratsalde oso bat niretzat aspaldiko partez. Gauza asko ditut egiteko, baina gogo gutxi. Lo txikia egin dut. Ondoren, ordenagailuaren aurrean jarri eta liburu bat bilatzen hasi naiz. Topatu dut, baina ISBN besterik ez. Inork ez du horretaz hitz egiten, eta nola erosi ez dakit. Betiko liburudendan eskatuko dut eta kitto. Internet galaxian nengoelarik, izarrak izar ibili naiz. Izartxo txiki bat aurkitu dut, feminismoa eta literatura batzen dituen astro txiki bat: sareinak. Beren burua aurkezten dute. Interesgarria, harpidetu naiz; horrela jarraitzeko aukera izango dut. Urteak dira erabaki nuela emakumeen lanak hobestea nire irakurketetan. Ez ditut gizonezkoak baztertzen. Ez naiz hain xinple. Gustuko dut literatura ona. Gizonezkoena ezagutu dut bereziki bide ofizialetan. Emakume gutxi. Orain nik aukeratzen dut, eta emakumeenak irakurtzea hautatu nuen. Ez naiz damutu. Izugarriko lanak topatu ditut. Orain Sareinak ere izango dut lagun hautaketa horretan. Bitartean, ongi-etorriak.

2007/02/14

Nostalgia

Ez zen ideia bera nuen lehenengo aldia, Google-n sartu eta unibertsitate garaiko lagunen izenak jarri, nondik zebiltzan jakiteko gogoz. Egin nuen, Edurnerena besterik ez nuen topatu. Idatzi nion, eskuak dardaka, erantzungo ote zidan galdetuz. Ia hogei urte pasatu dira azkenengo aldiz Algortako tabernan ikusi nuela. Ondoren, lagunek azaldutakoa besterik ez nekien. Gutxi, egia esanda...
Erantzun zidan. Hori bai poza! Posta elektronikoari esker, hasi gara mintzatzen, ahotsik gabeko solasaldi batean. Ia ezinezkoa den bizitza erdiaren laburpena egin diogu elkarri eta partekatu genituen lagunen berri batzuk ere trukatu.
Garai hartan oso lagunak ginen, Euskal Herritik zein Kantabriatik etorritako kuadrila berezia, ia familia txiki bat. Karreran ezagutu genuen elkar, eta Deustun zein San Inazion kokatzen ziren pisuetan bizi ginen...
Gero, bakoitzak bere bidea hartu eta Estatuan zehar sakabanaturik gaude. Gutxi batzuk geratu gara Euskal Herrian lan egiten, egia esan... Eta azken urteotan ia ez genekien zer egiten zuen besteak. Batzuk komunikabideetan agertzen dira, arrakasta lortu dutela seinale. Beste asko, berriz, ez gara hain ospetsuak, nahiz eta nahi genuen tokira heldu, edo ahal izan dugun lekura iritsi ondoren, pozik gaude bizitzark eramandako gunera. Beharbada ez zen aurreikusitakoa, edo amesturikoa..., baina ona da, gurea, egokitutakoa, eraikitakoa, hautatutakoa.
Edurnek poz handiz irakurri zuen nire gutuna (hori dio erantzunean), eta sorpresa itzelaz ere bai. Baina ez zen hor geratu ustekabea. Juanmak idatzi omen dio aste honetan bertan. Nik ez dut Juanmarekin hitz egin, egia esan ez dakit non dagoen. Uste dut Eibarrera itzulia dela, baina ezin ziurtatu. Berrogeikoen nostalgia ote den galdetzen dit Edurnek. Ez dakit, erantzun diot. Nik ez nuen nostalgiaz egin, ez soilik. Iragana ez zen hobea izan. Ezta okerra ere. Iragana, besterik gabe. Joandako denbora, bizirikoa. Ez da itzuliko. Ezta lagun horiek ere ez. Police batzen den arren, gu ez gara berriz elkartuko, bilaturiko asteburu batean ez bada, edo birtualki, asmaturiko Internet honi esker (arma moduan sortu zutela pentsatzea!). Ez gara izango izandakoak, baina bai horien ondorioa.
Orain beste guztiak bilatuko ditut, ea nortzuk topatzen ditudan. Edo, agian, hauxe da sortu beharreko kate baten hasiera, eta beste guztiak agertzen dira; Edurneren bizitzara jotzen dute, eta ate hori ireki eta gero, guztiok sartzen gara nostalgia baino haratago...

2006/12/26

Gabon opari bikaina


Umeak sentitu ditu ohetik. Goizegi da. Ezin dute gehiago itxaron, badaki, berari ere gauza bera gertatzen zitzaion Eguberri goizean. Xurxulatzen diote elkarri: ama ez da haserratuko, ezta? Dagoeneko Olentzero etorri da, gauean entzun dudalako. Ez izan memelo, Olentzero gurasoak dira. Zu ez etorri oraindik, nik ere badut sorpresa bat zuretzat...
Oihu bat entzun du, bat batean. Argia piztu dutelakoan dago, eta den dena ikusi dute. Aiba! dio Oierrek, eta opariak irekitzen hasten da, bere zapata gainean dauden pakete guztiak. Maiderrek ezin sinetsirik dago oraindik. Espero nuen baino askoz gauza gehiago daude hor. Hori bat Olentzero! Hor dago eskatutako PS3, iPod, liburuak...
Amaia zutitzen da, eta hor daude alaba eta semea berari begira. Harrituta daude. Nondik atera duzu hainbeste gauza? - galdetu nahiko liokete, baina ez dira ausartzen.
Amaia bere zapatara hurbiltzen da, eta poliki-poliki gutunazal gorri batean datorren oparia irekitzen du. Abokatuaren gutuna da, Marioren dibortizoaren paperak dakartzana..., urteetan itxoitako oparia. Gabon opari bikaina.

2006/12/14

Erantzunik ez

Gaur berriz idatzi du zerbait. Goiz osoa eman du teklatuaren aurrean, hiztegiak mahai gainean, hitz batzuk jartzen, beste batzuk kentzen; koma bat, hemen; puntua, hor. Polito atera zaio istorioa. Gustura dago. Inork ez du irakurriko, ordea. Inork ez baititu bestearen istorioak leitzen, telebistak esaten ez badu, edo irratiak, edo ondoko lagun batek. Berak, berriz, ezin ditu bere istorioak promozionatu. Eta ez ditu inork ezagutuko. Bakarrik sentitzen da, oso. Sariak pilatzen, metatzen, zaizkio bat bestearen atzetik, baina ez du editorerik aurkitzen. Gutxik ezagutzen duten hizkuntzaz mintzo da. Kasik inork erabiltzen ez dituen berbak dira bereak. Harry Potter idatziko balu, edo Eraztunen Jauna, edo Da Vinci Kidea bezalako testuak... Baina berak ez daki halakoak azaltzen. Eguneroko historiak dira bereak. Edozeini gertatzen zaizkionak... Horiek ez dute interesik, orriak betetzeko beste ezertarako ez dute balio. Sikiera orriak betetzen ditu, egunero zazpi edo..., baina badaki inork ez dituela irakurriko. Eta bakarrik sentitzen da. Zertarako?- galdetzen dio bere buruari-. Zertarako hainbeste esfortzu eta ahalegin, inork ez badaki ezta existitzen garenik ere? Ez du erantzunik, baina aurkituko duelakoan dago, non, noiz eta nola ez dakien arren.

2006/12/06

Irrati-gauak

Irratia piztu zuen. Laugarrenez errepikaturiko keinua zen hura. Oraingoan, emakume baten ahots eztitsua ari zen. Mutil bat ezagutu omen zuen, baina ezkonduta zegoen, eta ez zion bikotekiadeari minik egin. Asuntua ahaz dezan pentsatu zuen Iñigok. Zertara deitu irratira halakorik azaltzeko? Izarak ondo jarri zituen berriz ere. Orfidalak ez zuen efekturik egin eta loa ez zetorren. Hotz sentitu zituen oinak, baina ez zuen manta bila joan nahi. Txisa-gura ere bazuen. Horrela ez zegoen amets egiterik. Gogo kontra, altxatu, komunera joan, eta berriz ere oheratu zen. Ea orain lortzen zuen. Gizon batek hitz egiten zuen orain. Beste gizon batekin maitemindua zegoen, baina ez zuen uste hark berarekin ezer nahiko zuenik. Bere jefea zen. Askotan elkarrekin joaten ziren bidaietara, eta gela berean lo egin. Besteak ez zuen ezer susmatzen, bestela... Arretaz entzun zuen gizonaren kontakizunak, ezaguna egiten zitzaion ahots hura...
Goizeko hamaikak ziren esnatu zenean. Ez zuen gogoratzen noiz harrapatu zuen loak, baina goxo-goxo egin zuen amets. Telefono-hotsak errealitatean jarri zuen. Ander zen. Hegazkina bi ordu barru hartu behar dugu esan zion, zure bila pasako nahiz hemenik ordu erdira...
Orduan konturatu zen, horixe izan zen lo egitera lagundu zion ahotsa, gizon-ahotsa.

2006/12/04

Gizon gorilatua

Atzo hiltzear zeundelako albisteaz oheratu nintzen. Ez pozik, ez pentsa! Ohean hilko zara zu ere bai. Ez dakit bakean hilko zarela. Ez dizut opa. Deabru guztiak zure bila etor daitezen nahiko nuke. Egia esan, Allendek, harmak eskuetan, zu hil izana desiratzen dut. Baina ez zen gertatu. Eta larogaita hamaika urte bete dituzu. Diotenez, azken asteetan damuaren itzala gurutzatu da zure aurretik katu beltza moduan. Uxatu duzu berriz ere...

Gaur, berriz, "egoera egonkorrean larritasunaren barruan" zaudela entzun dut. Eta ahoa indarrez itxi dut eta nire hortzen zarata entzun dut bat bestearen kontra karraska. Mina sentitu dut. Odolaren gizotasuna nabaritu dut ezpainen alboetan, eta malkoak begietatik isurtzen bihotzeraino. "Gaur ere iraungo du diktadoreak" pentsatu dut. Beste egun bat damutzeko, barkamena eskatzeko, egindakoa justifikatzeko, aitortzeko, salatzeko... Ez. Beste egun bat bizi ahal izateko, ongi bizi ere.

Autoan, Victor Jararen ahotsak lagundu nau. Eta irribarretsu sumatu dut bozgailuetatik. Zergatik zaude hain pozik? --galdetu diot--. Hau ere ohean hilko da, familiak babestuta. Eta ohorez lurperatuko dute eta bere biografia goraipatuko dute telebista kateek...". Eta erantzun dit: "Voy a contarles la historia, aunque parezca mentira, de un hombre que nació niño y se convirtió en gorila".

Antza, gorilek ez dute kulparik sentitzen.