2007/02/14

Nostalgia

Ez zen ideia bera nuen lehenengo aldia, Google-n sartu eta unibertsitate garaiko lagunen izenak jarri, nondik zebiltzan jakiteko gogoz. Egin nuen, Edurnerena besterik ez nuen topatu. Idatzi nion, eskuak dardaka, erantzungo ote zidan galdetuz. Ia hogei urte pasatu dira azkenengo aldiz Algortako tabernan ikusi nuela. Ondoren, lagunek azaldutakoa besterik ez nekien. Gutxi, egia esanda...
Erantzun zidan. Hori bai poza! Posta elektronikoari esker, hasi gara mintzatzen, ahotsik gabeko solasaldi batean. Ia ezinezkoa den bizitza erdiaren laburpena egin diogu elkarri eta partekatu genituen lagunen berri batzuk ere trukatu.
Garai hartan oso lagunak ginen, Euskal Herritik zein Kantabriatik etorritako kuadrila berezia, ia familia txiki bat. Karreran ezagutu genuen elkar, eta Deustun zein San Inazion kokatzen ziren pisuetan bizi ginen...
Gero, bakoitzak bere bidea hartu eta Estatuan zehar sakabanaturik gaude. Gutxi batzuk geratu gara Euskal Herrian lan egiten, egia esan... Eta azken urteotan ia ez genekien zer egiten zuen besteak. Batzuk komunikabideetan agertzen dira, arrakasta lortu dutela seinale. Beste asko, berriz, ez gara hain ospetsuak, nahiz eta nahi genuen tokira heldu, edo ahal izan dugun lekura iritsi ondoren, pozik gaude bizitzark eramandako gunera. Beharbada ez zen aurreikusitakoa, edo amesturikoa..., baina ona da, gurea, egokitutakoa, eraikitakoa, hautatutakoa.
Edurnek poz handiz irakurri zuen nire gutuna (hori dio erantzunean), eta sorpresa itzelaz ere bai. Baina ez zen hor geratu ustekabea. Juanmak idatzi omen dio aste honetan bertan. Nik ez dut Juanmarekin hitz egin, egia esan ez dakit non dagoen. Uste dut Eibarrera itzulia dela, baina ezin ziurtatu. Berrogeikoen nostalgia ote den galdetzen dit Edurnek. Ez dakit, erantzun diot. Nik ez nuen nostalgiaz egin, ez soilik. Iragana ez zen hobea izan. Ezta okerra ere. Iragana, besterik gabe. Joandako denbora, bizirikoa. Ez da itzuliko. Ezta lagun horiek ere ez. Police batzen den arren, gu ez gara berriz elkartuko, bilaturiko asteburu batean ez bada, edo birtualki, asmaturiko Internet honi esker (arma moduan sortu zutela pentsatzea!). Ez gara izango izandakoak, baina bai horien ondorioa.
Orain beste guztiak bilatuko ditut, ea nortzuk topatzen ditudan. Edo, agian, hauxe da sortu beharreko kate baten hasiera, eta beste guztiak agertzen dira; Edurneren bizitzara jotzen dute, eta ate hori ireki eta gero, guztiok sartzen gara nostalgia baino haratago...

0 comentarios: