2006/10/27

Agur, hego haizea, agur!




Buruko mina, nekea oinetan, izerdi-usaina, eltxoak... , den denak kexarik gabe jasaten ditut hego haizearen truke. Gusatzen zait hego haizea. Hego-haizea ero haizea. Beroa, egukia, argitasuna nahiago ditut udazkeneko egun grisak baino. Gutxienetarikoa naiz, badakit, "rara avis" bat, baina halan da, NIRI HEGO HAIZEA GUSTATZEN ZAIT. Esanda dago. Hau anormala dela, ez dela osasuntsua eta halakoak esaten dituzuen bitartean, nik disfrutatzen dudala aitortu behar dut. Iraila amaitu zenean udazkenak aurreratutako negua ekarriko zigun beldur negoen, baina azaroa hastear dagoenean, txanklak, tiranteak eta hondartzako toallak ez ditut baztertu. Udako arropa kutxetatik atera behar izan ditut berriz ere eta beherapenetan hurrengo denboraldirako erositako bainu-jantziak estrenatu. Zoriontsua naiz. Euriak kikiltzen nau eta eguzkiak, berriz, kriston martxa eta bizipoza ematen dit. Euria ez da guztion gustura jaurtitzen...




Beraz, nire homenaldi txiki eta xumea hegoaldetik datorren haizeari. Eta pena handiz esango dizut agur. Hemendik gutxira, berriz ere euriak hoztuko nau egun osoan; berogailuak etxeko giroa trinkotuko du; aterkiek ibilaldiak oztopatuko dituzte; neguko arropek desioak amatatuko... Hotzak eta hezitasunak harrapatuko gaituzte, eta berriz ere gure bizitzak grisak bihurtuko dira, ilunak eta tristeak..., heltzen beranduko den udaberriaren zain.




Ez diot neguari alde ona ikusten. Hotza heldu bezain pronto, gorputz osoa txiki-txiki egiten zaidala nabaritzen dut, eta armairuan sartzeko gogoa izaten dut, alkanfor bolek gordeta, kutxa itxian lotan, inora joan gabe, lanik egin barik, egunen batean eguzkiak bisita nezan itxoiten dudan bitartean.




Elurra irristakorra da, txingorrak dena apurtzen du, iparhaizeak dena izozten eta euriak asteburuko planak zapuzten... Gauza bakarra izugarri polita dago neguan, ordea: begiak itxi eta ikusten dudan Donostiako itsas gris bortitza Mompas-eko harkaitzen kontra; Galeako puntan amaldegiarekin talka egiten duten olatuen aparra edota Matxitxako parean itsas-ontziak kulunkatzen dituen mareak.

2006/10/24

Zoritzarreko legatua


Ilun iluna dago. Beldur naiz. Ez dut ezer ikusten. Jendeak alde egin du. Bakarrik utzi naute. Oihukatzen saiatu arren, ez da nire ahotsa entzuten; hots bat ere ez da sortzen eztarritik. Estu-estua sentitzen dut lepoa. Eskuak ere ezin ditut mugitu, ezta atzamar bat ere ez. Oinek berunezkoak bihurtu dira eta ezin...

Isiltasuna dago inguruan. Ez dago zaratarik. Umeen oihuak entzuten saiatzen naiz, baina ezin. Autoak ere ez ditut aditzen, eta arratsaldeko ordubiak dira... Jendea ez dabil kaletik? Ez dago inor? Nora joan dira guztiak?

Lasaitu hadi! Zerbait usainduko dut laster. Nire gorputza ez dut sentitzen, ordea. Orain nahi ditut kirats guztiak: arrainena, kearena, izerdiarena... Baina ez daude. Ez ditut aurkitzen. Ezezagunik ere ez.

Larritzen hasia naiz, inoiz ez bezala urduritzen. Ukitzen nauen arropak ez dut sentitzen soinean. Baina ez nago biluzik, hotzak ez bainau laztantzen, ezta aireak ere.

Zentzumen bat ez dut galduta, zaporea sentitu ahal dut ahoan. Gazi -goxoa da, trinkoa, oso trinkoa. Odola da. Odola sentitzen dut. Beroa, gorria, ustela, hortzen artean jariotzen... Bizirik dago odola.

Eta bizirik dagoen bakarra da. Ni hila bainago. Eraila...
Azkenengo hatza joan zait bizitzarekin batera.
Hil naute.
Hil nau.
Eta hemen naiz, gorpu.
Dena kendu didate.
Hustu dit.
Ikusi, ukitu, higitu, eta aditu ahal nuen guztia.

Ez dut berriz sentituko; ez laztanik, ez musurik, ez larrurik, ez ...

Ohartarazi zidan "edo nirekin edo inorekin; niretzat edo inorentzat; ni edo inor".

Orain hilda nago. Eta ezin ezer sentitu, ezta gorrotorik ere. Hori nire etxekoei uzten
diet.