2006/10/19

Geroa hautatu




Seme txikia kezkatuta dago, etorkizunak kezka sortzen dio. Pilotoa izatea gustatuko litzaioke... Atzo, ingenieroa izan nahi zuen, eta bihar... nork daki!! Aldakorra da, bai, baina gauza bat du oso argi. Berak aukeratu nahi du geroan egingo duena: lanbidea, bikotekidea, etxea, herria, aberria... Txinan bizi nahi zuela zioen duela urte batzuk, orain Australiara joango dela dio. Galdetzen didanean, baietz erantzuten diot, ahal izango duela, nahi izango duena izango dela... Hala ere, ez dut nahi urte batzuk barru gezurra esan izana lepora diezadan, eta batzuetan, bizitzak aurreikusi ez genituen bideetatik eramaten gaituela esaten diot. Gauzak ez dira beti nahi dugun moduan ateratzen. Eta bide ezberdinetatik aukeratu beharrean, bere ibilbide propioa hautatu nahi bazuen, oso argi izan behar duela zer nahi duen eta hori lortzeko burrukatu, hau da, ikasi, lan egin... jo ta ke lortu arte. Begiak zabal-zabalik entzuten zuen esaten niona, eta gehiagi estutzen ari nintzaiola konturatu nintzen, eta ez urduritzeko esan nion, ikusiko duzu, oraindik gaztea zara gauza horiek ikusteko... Badakit ez dela lasaitu, eta noizbehinka galdetzen dit ea erraza den jakitea zen iznago den zure bikotekidea edo lan egokia aukeratu duzun (batzuetan honetan edo horretan ea ondo kobratzen den itaundu egiten dit...) eta kezkaturik dago ea dirua izango duen etxetik alde egiteko edo, ez balu, ea nik jatekorik emango niokeen...
Eta irribarretsu denari baietz, lagunduko diogula, hutsera salto egin beharrik ez dagoela esaten diot. Eta bide batez orain arte egin dudan ibilbideaz erreparatzen dut, eta gauzak ondo joan zaizkidala pentsatzen dut. Hobeto joan ahal izan zitezkeela, seguru baietz. Aukera batzuk gaizki egin nituela, noski. Baita hautatutako bideari jarraitzeko pribilegioa izan dut, dudarik gabe, kostata hala ere. Bizitzak eraman nau batzuetan, eta nahi izan dudan guztia egin ahal ez badut ere "nahi ez dudana ez egiteko eskubidea" izan dut.
Eta hori da semeari irakatsi nahi diodana, beharbada ezin izango dituela amets guztiak bete, baina inork erabaki ez dezan egingo duena.