2006/10/02

Egun urdinak

Egun batzuk urdinak dira. Gaur, adibidez. Ez horia, ez grisa, ezta gorria ere. Urdina. Bali anitzeko kolorea da urdina. Itxusien margoa diote. Liteke. Gustatzen zait niri urdina. Baina ez dut uste itxusia naizenik. Ez ditut hogei urte, baina denborak ez nau zimurtu. Ez naiz zaharra, batzuetan ispiluak itzultzen didan irudi horrek ematen duen arren. Hirurogeita hamar urte. Asko da, eta hain gaztea sentitzen naiz. Libre naiz. Gozatzeko aske. Eta gozatzen dut. Baina denbora amaitzen zaidala iruditzen zait batzuetan. "Ez dago beste minutu bat gehiago bizi ez duen zaharrik, ezta hurrengo instant batean hiltzeko libre dagoen gazterik". Baina agortzen zait denbora. Bilobei begiratzen diet eta haiek duten denbora izatea gustatuko litzaidake. Orain dakidan guztiarekin, noski. Haiek egingo dituzten erroreez salbu. Ezin. Haiek dezatela denbora. Eta bizi daitezen. Ni bizi izan naiz. Oraindik, berriz, bizitzeko asko daukat. Eta biziko dut. Eta heriotzak harrapatuko nauenean, itxoiteko esango diot. Ez du egingo, ordea. Bizitzaren patua omen da... Ala ez. Horren itxaropenak, aldiz, ez nau geldiaraziko. Ez naiz bidean geratuko bizitzeke legokeen beste horren zain. Dudan jakintza guztia eraman ahalko banu... Hemen utzi behar badut poesia bihurtuta utziko dut nire ondorengoen gogoetan.
Urdina da eguna gaur. Hotza eta hezia, baina kolore bizikoa...