
Zerbait egiteari utzen diozunean, oso zaila da berriro hartzea; aurreko martxa esan nahi dut. Igeriketari utzi diot, eta lehen egunero eginbehar nuen zerbait zen bezalaxe, orain ez dut gogorik. Behartuko dut nire burua eta bihar hasiko naizela diot. Bihar. Baina ez da bihar hori inoiz heltzen. Egingo dut, "eingo et", baina alferkeriaz edo... egin barik. Gauza bera gertatu zait blogarekin eta hiltzen utzi dut ezer egin gabe, Eta egunero bihar idatziko dudala diot. Ba..., heldu da, gaur da bihar eta ez dut berriz ere atzeratuko. Hasi naiz. Hemen naiz eta honako honetan ez naiz joango, are gehiago, behartuko dut hainbeste gustatzen zaidana egitera. Beharbada ez duzu sinesten. Ez da zure errua. Neuk ere ez nuke sinestuko. Frogatu beharko dut hau ez dela egun bakarreko konpromisoa; astelehenean hasi eta asteartean uzten ditudan dieta miragarri horiek bezalaxe. Zennbat gauza uzten ditut geroko. Amak esaten zidan ez nintzela bat ere konstante, saltoka egiten nituela gauzak, gaur gogotsu eta bihar alfer. Zuri ere gertatzen zaiuzula dinozu. Horrek ez nau zuritzen, baina eskerrik asko elkartasun keinu horregatik. Emakumeok lan handia dugula aitxakitzen dugu holakoetan. Erdi-egia eta gezur-erdia da hori. Denbora gutxi, bai, baina ordu asko galduta. Ez naiz hondartzan igaro ditudan horietaz ari. Horiek ez ditut galdutzat ematen. Pilak kargatzen ditut. Energia behar dut, teilatuan dituzun plaka horiek bezalaxe. Beste denbora horretaz ari naiz, hor etzanda, telebista ikusten pasatzen ditudan tarte horietaz. Erridikulua iruditzen zait batzuetan, hor nagoela inork (gizon batek gehinetan) pentsaturiko eta interesatzen ez zaidan hori iresten... Ezertarako.
Dena den irakurtzeko parada izan dut. Ecce Homo irakurri dut. Ez nau indiferente utzi. Ez nau Nerea eta Biok harrapatu ninduen bezala harrapatu. Gizonezkoak oso ongi definituta daudela uste dut; emakumeak, berriz, ez. Poliedrikoak gara, alde askotakoak, eta lauak ikusi ditut agertzen diren biak. Baina zer pentsatzekoa eman dit liburuak. Udan ere Irigoyenen Babilonia irakurri dut. Badakit ez dela azken momentuko betseller bat (ez dakit horrela idazten den ala ez, baina bost), baina izugarri gustatu zait. Beste asko ere irakurri ditut uda honetan...; batzuk ezin izan ditut amaitu. (Zahartzen ari naizen seinale; lehen oso-osorik irakurtzen nituen, gustatu ala ez... Hori bai, oraindik liburua hasi aurretik azken orrialdea irakurtzen dut... Zergatik ez? Nork dio ezin dudala nahi dudan tokitik hasi?).
Liburuak irakurtzea ez da denbora galtzea, zuk kontrakoa uste arren. Beste bizitza bat bizi daiteke une batez. Azalatik gurutzatu eta bat-batean beste usainak, soinuak eta koloreak hurbiltzen zaizkizu. Eta ordu batzuetan I?akirekin haserre dagoen hura zara zu, edo karlistekin burrukatu zuen gizona, edo akelarrean maiteminduriko sorgina... Eta idazleak istorioari emandako amaiera gustatu ez eta beste The end bilatzen duzu. Nork ukatzen dizu eskubide hori? Protagonisten bizitzak luzatu ahal ditut nahi nadut, edo beste mundu batera eraman... Eta batzuk hemen idatziko ditut. Nahi baduzu zuk irakur ditzan.
Bihar arte, beraz. Hemen jarraituko dut eta.